XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zein da, benetan, gure ezkontzaren helburua?

Era guztietako burutazioetarako denbora izaten zuen Klarak egunean zehar, senarrak bulegoan ematen zituen ordu hutsetan edota alabaren siesta orduetan, berarekiko kuidado, entrega eta maitasuna soberan zeudenean.

Zein zen, benetan, bere ezkontzaren helburua?

Auzokideekin ez zuen harreman luzeagorik finkatzea lortu.

Dendariek ere berritsuago atenditzen zituzten aspaldi auzoan bizi ziren emakumeak, eta Klarak umeari bakar hizketan jarduten zion, egoeraren ukamena berraipatzeak magikoki bere aldaketa ekar zezakeenaren uste inozoaz: zer uste dun, zaputz horrek, zertarako ekarri haudanala mundura, nere senarraren kariño guztiak jateko?

Hik ez dakin maitemintzea zer den, eta gutxiago maitemindu haunan pertsona egunetik egunera hozten eta izozten somatzea, egia esan behar badinat neuk ere ez zekinat oraintxe maitemintzea zer den, baina hi baino lehenago nengon, edo uste dun hi mundura ekartzeko bakarrik ezkondu nintzela Javierrekin?

Berak igoal hori usteko din, baina demostratuko zionat ezetz.

Baina ez zuen ezer demostratzen, kasu hauetan sentiaraztea delako garrantzitsuena, Javierri bere egonezina sentiaraztea, ez zuela Klarak fruitua ernetu eta bildu ondoren larrak jaten eta usteltzen utzi zaion pikondoa bilakatu nahi, ez zuela isolamendu urbanoaren paisaia osatzen duten begizulodun etxekoandre horietako bat izan nahi (...).